1 SARRERA
Ezaguna da euskal erakundeek betidanik erakutsi izan duten izaera berritzailea eta lehiakorra.
Izaera berritzaile hori, gainera, ez da mugatu kudeaketa-moldeak, baliabide teknologikoak, tresneria edo azpiegitura berritzera. Erakunde edo enpresa batzuek eredu propio baten alde egin, eta beren lana, irudia edota produktua nahiz zerbitzua euskaraz lantzera jo dute, balio erantsia emango diela iritzita eta hizkuntza-eskubideei zor zaien begirunea kontuan izanik.
Euskaraz lan egiten duten erakunde horien artean badira batzuk, hainbat aldagai tarteko, nagusiki euskaraz dihardutenak eta etorkizunean ere horrela izan dadin, euskara modu aurreratu batean kudeatzen dutenak. Beste batzuek, berriz, bestelako ezaugarri demolinguistikoak direla medio, gutxiago darabilte. Hala ere, kontuan hartu behar da hainbat erakundek herritarrarekin dituzten harremanetan legez euskaraz ere aritzeko betebeharra dutela.
Horiek izan dira, besteak beste, BIKAIN-Euskararen Kalitate Ziurtagiria berritzeko arrazoiak, euskaraz lanean dihardutenei errekonozimendua egitea, besteentzat eredu izan daitezen, eta herritarrarekiko zerbitzuan hizkuntza-eskubideak bermatzeko betebeharra ziurtagiriaren bidez egiaztatzeko aukera izatea.
Perseus-ek, BIKAIN-Euskararen Kalitate Ziurtagiria eredutzat hartuta, bere esparru sozioekonomikoan euskararen erabilera, presentzia eta hizkuntza-kudeaketaren normalizazio-maila lantzea du helburu. Hortaz, dokumentu honek Bikain ziurtagiria lortzeko Perseus-ek eman beharreko pausuak deskribatzen ditu.
Laburpena: – Euskararen Sustapen Plana